domingo, 16 de diciembre de 2012


Aurten espetxetik atera diren 

dozenaka lagun ere Bilbon

 izango dira


Ikusi Bilboko Branka agerkari digitalak egindako bideoa.

Egun on eta mila esker agerraldi honetara etorri zareten guztioi.

Lehenik eta behin, hemen bildu garen lagun guztien izenean besarkadarik sentikorrena helarazi nahi diegu espetxeetan eta deserrian diren lagun guztiei.

Aurki atzean utziko duguna urte berezia izan da guretzat. Espetxetik atera ginen urtea izango da 2012a. Urte luzez batzuek, denbora laburragoan besteek. Denok bizi izan dugu espetxearen gazia, eta denoi gelditu zaigu zerbait han barnean. Kalean egonik, gure ekarpena egin nahi diogu haiek guztiak ekartzeko egiten ari den lanari.

Espetxea oro har, eta euskal preso politikoen kasuan bereziki, pertsonen aurkako sistema konplexu bat da, pertsonen nortasunean eta izaeran eragiteko sortua. Espetxeak pertsonen desoreka bilatzen du, presoak pertsona izateari uztea. Eta horri guztiari helburu politikoak gehitzen zaizkio, arrazoi politikoen ondorioz preso hartu gintuztenon kasuan. Horregatik erabiltzen da euskal preso politikoen aurka espetxe politika bereizia. Militantzia politikoa zigortzen da: pentsamendu kritikoa, zapalketari aurre egin izana, elkartasuna eta jarduera politikoa. Eta gizarteratzea baino, militantzia hau amaitzea da helburua. Bai presoena, bai kanpoan militatzen jarraitzen dutenena ere.

Nola azaldu bestela, gaixo dauden presoen egoera? Nola azaldu minbizia duten pertsonak heriotzaren atariraino gatibu edukitzea? Nola azaldu urte luzez espetxean egon ostean, kalera irteteko eguna iritsi eta kartzelaldia beste hamar urtez luzatzea? Nola azaldu berrogei minutuko bisita bat egiteko, bi mila kilometro egin behar izatea?

Garai berri bat hasi dugu Euskal Herrian. Urteetako gatazka, sufrimendu eta zapalkuntza egoera irauli eta justiziaren eta askatasunaren gainean eraikitako bake egoera bat erdiesteko urratsak egiten ari gara. Baina gaur gaurkoz, alde batetik emandako urrats ausartek mespretxua eta itxikeria izan dituzte ia erantzun bakar. Presoen eta iheslarien egoera da horren ispilu, apenas aldatu baita azken urtean.

Oinarrizko giza eskubideak urratzea egunerokoa da espetxeetan: senide eta lagunen istripuak asteburukoak dira errepideetan.

Hamaika aldiz entzun dugu presoek jasotako zigorra bete behar dutela. Eta bitartean, zigorgabetasun osoa dute estatuen krimenek. Ez dago zigorrik 10.000 lagun torturatu dituzten arduradunentzat. Torturatzaileak eta gerra zikina egin dutenak indultatuta daude. Sakabanaketak eragindako heriotzek ez dute barkamenik merezi. Legez kanporatzea, komunikabideak ixtea, poliziaren bortizkeria, eskubide zibil eta politikoak ukatzea. Nork erantzun behar dio horri guztiari?

Sufrimendu askoren lekuko izan gara azken urteotan, eta izaten ari gara oraindik ere. Guk ez ditugu begiak ixten gertatu den guztiaren aurrean, baina konponbideak denontzat izan behar du onuragarria. Gatazkaren garaiak atzean utzita, datozenak soluzio urteak izatea nahi genuke. Gatazkaren ondorioei osotasunean egin behar zaie aurre, eta konponbide prozesu bati dagozkion neurriak norabide horretan erabaki eta hartu behar dira.

Eta erabaki horien artean egon behar dute euskal preso eta iheslari politikoei dagozkienak. Konponbide prozesuaren logikan, espetxeetan eta ihesean dauden euskaldunek herrirako bidea hartu behar dute, bai ala bai. Hori da gure ustez prozesu demokratikoak daukan geltokietako bat.

Ildo horretan, bat egin nahi dugu Herrira mugimenduak lehentasunez egiten dituen eskariekin. Euskal preso politikoen giza eskubideak errespetatzeak bidea egiten lagunduko luke ezbairik gabe. Urrats garrantzitsua izango litzateke, soluzioak eta bakea eraikitzeko. Horregatik, urrats hauek lehenbailehen egin behar direla uste dugu: gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, bizi osoko zigorra dakarten neurriak bertan behera uztea eta presoak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea.

Horiek horrela, urtarrilaren 12an Bilbon egingo den Herri Mobilizazio Orokorrean izango gara gu ere. Eta gonbita egin nahi diegu aldarrikapen hauekin bat egiten duten herritar guztiei, Bilbon izan daitezen.

Denon artean Bilboko kaleak beteko ditugu. Denon artean hustuko ditugu espetxeak. Eta denon artean kartzela eta deserria herri honen historiako orrialdeetara eramango ditugu. Horrenbestez, Bilbon ikusiko dugu elkar.

Mila esker guztioi.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.