domingo, 11 de noviembre de 2012


Baionako karrikek gainezka egin dute presoen eskubideen alde

Iturria: Berria.info
Argazkian, preso eta iheslarien aldeko manifestazioa ireki duen pankarta. (Bob EDME/ARGAZKI PRESS)

Hamabost mila lagunek bat egin dute Herrira-ren deialdiarekin; kolore orotako alderdi, sindikatu eta eragileak bildu dira

Manifestaldiaren burua San Andres plazan zen azken manifestariak abiatu zirelarik
Euria barra-barra egin arren, Baionako karrikak euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko uholde bihurtu ziren atzo. Eguraldiak ebatsi zuen giroa jendeak eraiki zuen, presoen aldeko etengabeko oihuekin. "Historiko" hitzak zentzu lausoa ukan dezake, baina Ipar Euskal Herrian presoen eta iheslarien alde sekula izan den manifestaziorik handiena izan zen atzokoa. Ipar Euskal Herriko bertso finala izanik, manifestazioa tenorez abiatu zen Euskaldunen Plazatik.

Tenorez abiatu eta manifestazioaren burua 16:30 aldera heldu zelarik San Andres plazara, doi-doi ziren abiaturik azken manifestariak Euskaldunen Plazatik.

Paulmy etorbidean gora abiatu ziren manifestariak 15:30ean, aitzinean zirelarik preso eta iheslarien senideak. Eskuetan presoen argazkiak, eta, erdian, haien ikur den esku argia. Berehala, haien gibelean, euskal iheslari politikoen banderola. "Euskal Herrian libre" zioen, hamarkada luzetan baliatu duten aldarria eskuetan hartuz. Iheslarien kolektiboak segitu behar zuen, baina jende ugari sartu zen banderola horren gibelean. Banderola ofiziala, manifestazioa hasi behar zuena, gibelean zen, eta, bien artean, milaka eta milaka pertsona. "Presoak kalera, amnistia osoa" eta "Amnistiarik gabe bakerik ez" oihuak behin eta berriz entzun ziren.

"Giza eskubide guztiak. Euskal presoak Euskal Herrira" zioen Herrira-k manifestaziorako hautatu zuen leloak. Hautetsiek eta gizarte eragileek atxiki zuten, Paxkal Indo Seaskako presidenteak, Erregina Dolossor CFDTko kideak, Alice Leizeagezahar Akitaniako kontseilari berdeak, Laura Mintegi EH Bilduko kideak, Jean Francois Leffort Batasuneko kideak, Peio Etxeberri Aintzart ABko kideak, Angela Mejias argazkilariak, Kotte Ezenarro kontseilari nagusi sozialistak, Frederique Espagnac senatari sozialistak, Sylviane Alaux diputatu sozialistak eta Alain Hiriart hautetsi abertzaleak.

Manifestazioak gutxitan abiatzen dira tenorez Ipar Euskal Herrian, edo sekula ez. Manifestazioa abiatu baino ordu erdi aitzin, presente ziren Euskaldunen Plazako inguruetan hautetsi nagusiak, adierazpenak egiteko zain. Azken asteotan Euskal Herrian izandako gertakariek, ETAko kideen atxiloketak, Manuel Valls Frantziako Barne ministroaren eskutik Lurralde Elkargoaren proposamenak pairatu duen mespretxuak eta Aurore Martinen atxiloketa eta Espainiaratzeak bazterrak oro inarrosi ditu Ipar Euskal Herrian. Sozialistek, nagusiki, beren jarrera berretsi eta indartsu agertzeko irrika zuten. Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak ere bertan egin zituen adierazpenak.

Argazkiak metatzen

Azken asteetan, «ezohiko» argazkiak metatzen ari dira Ipar Euskal Herrian, eta atzo ezin salbuespenik gertatu. Manifestazioa heldu zelarik San Andres plazara, unibertsitaterako aldapetan eta eskaileretan jarri ziren presoen senideak, presoen argazkiak eskutan. Ondoan, iheslari politikoak, eta erdian, banderola zeramaten hautetsiak. Hego Euskal Herrian, ohikoak bihurtu badira gatazkak eta Poliziaren oldarraldiak presoen argazkiak eramateagatik edo haien ondoan egoteagatik; atzo ez zen horrelakorik gertatu Baionan. Hautetsi sozialistek beren tokia atxiki zuten.

Aurore Martin euroagindua baliatuz bidali zuten Madrilera, Frantzian delitua ez den baina Espainian delitua den agerraldi publiko bat egiteagatik. Argi zuten han egoteak ez zuela adierazi nahi ETA sostengatzen dutenik edo borroka armatua sostengatzen dutenik. Baina guztiek bat egin dute Aieteko Adierazpenean ebatzi zen ildoarekin. "Euskal presoak Euskal Herrira" oihuarekin erantzun zieten manifestariek aipatu argazkiari. Ideologia anitzetako eragileek osatzen zuten argazkiari so, presoen gaiari aterabidea atzematea konponbidearen ildoan funtsezko eta lehentasunezko elementua den seinale.

Jende uholdea izan zen, eta hutsunerik aipatzekotan, Frantziako eskuin eta zentroko alderdietako ordezkarien falta nabarmendu zen. Atzo ez ziren egon Baionan Max Brisson UMPko burua eta Jean Jacques Lasserre senatari zentrista.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.