domingo, 4 de noviembre de 2012


ELA ere Baionako manifestazioan izango da azaroaren 10ean

ELA-ren oharra:

ELAk bere afiliatuei dei egiten die datorren azaroaren 10ean Baionan frantses estatuari beste espetxe-politika bat galdatzeko egingo den manifestazioan parte har dezaten. Deialdian ehunka hautetsik eta hainbat erakunde sozial, sindikal eta politikok hartuko dute parte.

Gure sindikatuaren iritziz, zoritxarrez Frantziako espetxe-politika espainiar gobernuek egin izan dutenaren jarraipen itsua da. Hala gertatu da duela hainbat hamarkadatik hona sakabanatze politikarekin, eta are gogorrago PPk eta PSOEk 2000ko hamarkada hasieran sinatu zuten itun antiterroristaren ostean; aipatzekoa da Espainia eta Frantziako UGT, CCOO, CGT, CFDT, UNSA eta FO sindikatuek ere itunarekin bat egin zutela.

Aieteko Konferentzia egin zenetik eta ETAk borroka armatua behin betiko uzteko iragarpenetik urtebete igaro delarik, espainiar eta frantses estatuak lehengo jarrera gotorrari eusten diote. Alabaina, ELAk uste du elkarrizketa politikorako bideak urratu behar direla bizikidetzan ibilbide pertsonal eta kolektibo desberdinak bateratu ahal izateko eta gure herrian adiskidetzea eta normalizazioa irits ahal daitezen. Elkarrizketak ekarriko lukeen negoziazio baten bidez behin betiko bakea finkatuko litzateke, eta honek hain zuzen espetxe-politikan izango luke islada garrantzitsu bat.

Beraz, ELAk hautatu berria den Frantziako gobernuari eskatzen dio errotik alda dezala euskal preso politikoekiko daraman politika, eta espero du manifestazioa mugarria izatea gure herrian bakerantz egiten ari garen bidean.

ELAko zuzendaritza konfederalaren ordezkaritza batek deialdian parte hartuko du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.