martes, 2 de octubre de 2012


Lazoa
Herriraren oharra Celestinoren heriotzaren aurrean:
Herrirak doluminak, babesa eta gertutasuna helarazi nahi dizkio Celestino Galan euskal iheslari politikoaren senide eta inguru afektibo osoari. Celestino Galan Venezuelako Carabobo Estatuan hil zen auto batek harrapatu ondoren. Jazoera iragan den irailaren 19an suertatu zen.
Celestino Galanek 53 urte zituen eta hiru hamarkada baino gehiago zeramatzan Euskal Herritik kanpo. Bilbotarra sortzez, bizitza erabat normala egiten zuen Venezuelan. Bertan lurperatua izan da eta adin txikiko seme bat uzten du.
Zoritxarrez, ez da euskal iheslari politiko baten heriotzaren berri dugun lehen aldia. Euskal Herriak hamarkada luzez bizi izan duen gatazka gogorraren ondorioa den errealitate baten aurrean gaude. Sorterritik milaka kilometrotara hiltzen diren iheslari politikoak.
Euskal jendarteak urtetako sufrimendua, mina eta gatazka atzean utzi eta bake eta konponbide agertoki bat eraikitzeko unea da. Bide horretan, ezinbestekoa izango da gatazkak eragindako ondorioak konpontzea, iheslari politikoen itzulera horietako bat izanik.
Horiek horrela, Herrirak pertsona guztien giza eskubide guztien errespetuarekiko duen konpromisoa aldarrikatzen du beste behin ere eta ekinbide horretan gatazka politikoaren ondorioz Euskal Herria utzi behar izan zuten herritarren eskubideen alde lan egiten jarraituko duela berresten du. Izan ere, argi dugu euren itzulera konponbidera eta bakera definitiboki hurbilduko gaituen gakoetako bat dela.
Azkenik, une gogor hauetan besarkada handi bat bidali nahi diogu Celestino Galanen senide eta lagunei.
Eskerrik Asko
Herrira

Etxerat elkartearen oharra:
Celestino Galan errefuxiatu politikoa hil da Venezuelan
Celestino Galan errefuxiatu politiko bilbotarra irailaren 19an hil zen Venezuelan, 53 urte zituela. Istripuz hil zen, auto batek harrapatuta. Celestino Venezuelako Carabobo estatuko Valentzia hirian bizi zen, eta bertan seme bat ere bazuen, 5 urtetakoa. Guztira 30 urte baino gehiago zeramatzan Celestinok etxetik kanpo.
Une honetan Etxerat elkarteak bere babesa eta elkartasuna adierazi nahi die Celestino Galanen senide eta lagunei. Eta era berean, horrelako egoerak errepika ez daitezen euskal errepresaliatu politikoek Euskal Herrian bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzen dugu.
Azken urteetan jasandako jazarpen politikoaren ondorioz eta torturak jasateko beldurraren ondorioz, gure senide eta lagun askok ihes egin behar izan dute euren etxeetatik; ez dakigu non bizi diren ez eta zein bizi baldintzetan bizi diren. Egoera hau bereziki zaila da euren senitartekoak non eta nola dauden ez dakitenentzat.
Zenbait iheslari Euskal Herritik milaka kilometrotara bizi dira: Venezuelan, Panaman, Kuban, Mexicon, Belgikan, Cabo Verden eta beste hainbat herrialdetan. Sarri egoera benetan latzak bizi dituztelarik. Gainera, momentu oro atxilotuak, torturatuak eta espetxeratuak izateko beldurrarekin bizi dira.
Errefuxiatu politikoen senide eta lagunek oso egoerak zailak bizi behar izaten dituzte. Erabateko ezjakintasunarekin bizi dira egunero. Eurekin komunikatu ahal duten kasuetan, hainbat oztopo gainditu behar izaten dituzte horretarako. Horrez gain, beraiek bisitatu ahal izateko gastu ekonomiko handi bati aurre egin behar izaten die. Eta oztopo hau gainditzea lortzen dutenetan ere, estatuen errepresioarekin aurkitzen dira. Egoera guztiz zailtzen dutelarik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.