domingo, 28 de octubre de 2012


Eragile politiko, sindikal eta sozialek bat egin dute Baionako deialdiarekin

Argazkian, azaroaren 10ean Baionan egingo den manifestaziora joateko deia egin zuten atzo goizean Bilbon batu diren eragile politiko, sindikal eta sozial ugarik.

Manifestua:

Azaroaren 10eko herri mobilizazioaren deia: Giza eskubide guztiak. Euskal Presoak Euskal Herrira!

Hamarkadetan luzatu den gatazkari konponbide justu bat eman eta denon artean bakea eraikitzeko aukera berriak zabaldu dira Euskal Herrian. Bide honetan bat egin dute azken hilabeteotan erakunde eta kolektibo ugarik gure herrian, eta helburu honetan aurrera egiteko bidelagun ditugu nazioarteko pertsona eta eragile ugari ere.

Gatazkaren oinarriak eta ondorioak konponduko dituen bidea da denon artean egin nahi duguna. Munduko beste hainbat herrialdetan bezala, gurean ere beharrezkoa izango da preso eta ihesean diren herritarren afera konpontzea.

Espainiar eta frantziar espetxeetan dauden euskal preso politikoen giza eskubideak errespetatzea berehala hartu beharreko neurria dela pentsatzen dugu.

Zentzu horretan, eta Aieteko Nazioarteko konferentzian (2011ko urriaren 17an) bildu adituen (*) aholkuei jarraituz, guk –mozio honen izenpetzaileek- 2012ko azaroaren 10ean Baionako karriketan manifestatzera dei egiten dugu, ondoko lehen aldarrikapenen inguruan;
  • Euskal Presoak Euskal Herrira ekartzea.
  • Eritasun larriak dituzten presoen libratzea.
  • Bizi osorako espetxe zigorrera daramaten legeri berezien deuseztatzea, (Espainian 197/2006 doktrina eta perpetuite kondena Frantzian).
  • Zigorraren bi herenak edo hiru laurdenak bete dituzten presoen libratzea, eta Frantzian baldintzapean askatuak izan daitezken presoen libratzea.
  • Isolamendu egoerekin bukatzea.
  • Euskal iheslari politikoen aurkako jazarpenarekin amaitzea.
Bai, iritsi zaigu garaia, Euskal Herriko hiritar orori, izan jatorri, ideia politiko edo erlijioso desberdinetako, bakearen eraikitzaile izateko ; hau da, Euskal Herrian bakea izan dadin sortzen ari den dinamika herrikoiaren aktore zuzenak izateko.

*Kofi Annan, ONUko idazkari orokor ohia eta bake nobel sariduna; Gerry Adams irlandarra, Sinn Fein-eko presidentea; Bertie Ahern, Irlandako lehen ministro ohia; Pierre Joxe, frantses barne ministro ohia; Gro Harlem Brundtland, norbegiar lehen ministro ohia; eta Jonathan Powell, Tony Blair-en kabinete buru ohia.

2012ko urria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.