viernes, 5 de octubre de 2012


Herrirak bi mobilizazio erraldoi egin 

nahi ditu estatuak mugitzeko

.

Amaia Esnalen interbentzioa euskaraz:
Egun on denoi eta eskerrik asko prentsaurreko honetara etortzeagatik.
Jarraian Herrirako bi ordezkarik hartuko dugu hitza. Jon Garaiek gazteleraz hitz egingo du, eta nik neuk, Amaia Esnalek, euskaraz hitz egingo dizuet segidan.
Herrira mugimenduak, bi mobilizazio handi sustatu nahi ditu datozen hilabeteetan. Bata Baionan, eta bestea Bilbon. Bidasoaren bi aldeetara, bi manifestazio. Bata Frantziako gobernu berriari zuzendurikoa, eta bestea Espainiako gobernuari begirakoa.
Momentu garrantzitsua dela pentsatzen dugu, herritarrok gure nahia agertzeko bi gobernuen aurrean. Konponbidean eta bakearen eraikuntzan aurrera egitea galarazten ari diren kartzela politiken honen aldaketa eskatzen duen gizarte baten adierazpen irmoa izan nahi dute bi mobilizazio hauek.
Izan ere, preso eta errefuxiatuen egoera gainditzeko erronka, derrigor pasatzen da Madriletik eta Parisetik, eta erronka historiko horren lehen estazioak, giza eskubideen errespetua du izena, zeinak eszepziozko neurrien desagerpena eskatzen duen halabeharrez.
Lehen mobilizazioa Azaroaren 10ean izanen da Baionan, 15:30etan Euskaldunen plazatik hasita. Frantziako Hollanden gobernu sozialista berriari, orain arteko ildotik aldendu eta gauzak beste modu batera egiten hasteko eskari zabala egin nahi diogu. Aro berrian aurrera egiten lagunduko duen kartzela politika berri bat indarrean jar dezan, eta iraganera iltzaturik mantentzen gaituzten egoerak gaindituak izan daitezen. Izan ere, Frantziak giza eskubideak urratzen ditu kartzeletan, dispertsioa mantenduz, isolamendua bezalako neurri krudelak apliaktuz, edota bizi osorako zigorra ezarriz, besteak beste. Une honetan, 135 euskal preso aurkitzen dira Frantziako 35 kartzeletan sakabanatuta, gehienak beren etxeetatik 1000 kilometro ingurura. Hollanderen gobernu berriari, Espainiaren inmobilismotik eta muturreko politiketatik aldendu, eta giza eskubideen, soluzioen eta bakearen aldeko hautua egin dezan eskatzeko momentu garrantzitsua da honakoa. Hartara, Euskal Herri guztiko zonaldeetan ari gaa autobusak antolatzen, eta parte hartzeko dei zabala luzatzen dugu, Baionan aldaketarako urratsa egin dezagun.
Bigarren mobilizazioa, aldiz, Urtarrilaren 12an izango da, Bilbon. 17:30etan La Casillatik hasita.
2012 urtea inoiz herri honetan izan den manifestaziorik handienarekin hasi zen, 100.000 pertsona baino gehiagok euskal preso politikoen errespetua aldarrikatu zuten Bilbon. Urtea amaitzear da, eta Euskal Herritik ez ezik, Europatik ere, Madrili kartzela politika honekin bukatzea exijitu zaio, Estrasburgoko giza eskubideen auzitegiak orain gutxi egin bezala. Hala ere, PP-ren gobernuak kartzela politika hermetikoki itxita mantentzen du konponbiderako aukera historiko baten aurrean gauden arren.
Egoera hau mantentzeak, eskubide galera amaigabea dakar, eta ez digu uzten sufrimenduaren kiribiletik ateartzen. Baina horrez gain, PP-ren gobernuak bake prozesuaren aurrean iraganari eusteko horman bilakatu du kartzela politika.
Gauzak horrela, Herrirak, inoiz baino gehiago gizartearen unea dela pentsatzen du. Horregatik jarri nahi dugu erronka hau gizartearen eskuetan, eta gaurtik hasita, urtarrilaren 12an Herri Mobilizazio Orokor batera eramango gaituen kanpaina parte hartzailea abiatzeko deia egiten dugu.
Atxikimendu soilak baino, maila pertsonalean nahiz kolektiboan egin daitezkeen askotariko ekarpenekin osatu nahi dugu kanpaina hau. Horretara animatzen ditugu aro berri honi bultzada erabakigarria eman nahi dioten pertsona eta kolektibo guztiak. Xehetasun guztiak datozen egunetan emango ditugu ezagutzera.
 Eskerrik asko eta laster arte

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.