lunes, 20 de agosto de 2012

2012/08/20

Auzitegi Nazionalak eskuetan dauzka eskatutako txosten guztiak, Herrirak dioenez

Iturria: Berria.info


Ikusi bideoa

Ostiralean Espetxeetako Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak Josu Uribetxebarria preso gaixoari hirugarren gradua eman ondoren, gaur Auzitegi Nazionalak baldintzapean aske uztea espero da.

Herrira mugimenduak agerraldia egin du gaur eta jakinarazi du Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzako epaileak eskuetan dituela jada Uribetxebarriaren osasun egoera aztertzeko eskatutako bi txostenak: Zaballako espetxetik bidalitakoa bata eta Espetxeetako Zuzendaritzarena bestea. Arrasatearraren minbizia espetxeko osasun zerbitzuetan artatu daitekeen edo ez jakin nahi du Auzitegi Nazionalak, baita presoak jasotzen duen tratamenduaren gaineko informazioa bildu ere. 

Herriraren esanetan, Auzitegi Nazionalak gaur bertan erabaki bat ez hartzeak, preso gaixoaren egoera luzatzea luke helburu eta "krudelkerian" oinarritutako erabakia litzateke. "Berria"-k jakin duenez, Auzitegi Nazionala presoaren senideekin harremanetan jarri da, Uribetxebarria aske gelditzekotan haren bizilekua zein izango litzatekeen jakiteko. Senideek beharrezko informazio guztia eman dute jada. 

Oraingoz, ordea, preso jarraitzen du Uribetxebarriak, Donostiako Ospitalean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak baldintzapean aske utzi ala ez erabaki bitartean. Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epailea arduratuko da horretaz, berezko epailea, Jose Luis Castro, oporretan dagoelako.

Baldintzapeko askatasuna gaur onartu arren, litekeena da egun batzuk pasatzea Uribetxebarria aske uzteko, izapideak direla eta. Gaurtik hasi eta ostegunera arte luza daiteke espedientearen tramitazioa, eta aske uzteko baldintzak zeintzuk diren ere ezagutu beharko da. Preso arrasatearrak minbizia du, metastasiarekin, eta egoera larrian dago, atzera bueltarik gabe. 

"El Pais" egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean, Angel Yuste Espetxeetarako Zuzendaritzako idazkari nagusia Uribetxeberriaren baldintzapeko askatasunaren alde agertu da. "Kartzeletako herietxeetan ez dago ospitale tratamendurik" azaldu du. Ez du justifikaziorik aurkitzen Uribetxebarria preso mantentzeko. Terrorismoaren biktimen elkartearen eta UPDren jarrerak sakatu ditut, erabaki batzuk "zailak" izan arren, "legea bete behar delako". 

Bien bitartean, Uribetxebarriak hamahirugarren eguna du gaur gose greban, eta ospitalean jarraitzen du Gonzalo Rodriguez presoak ere, Uribetxebarriari elkartasunez gose greba hasi zuen presoetako batek. Familiari ez diote bere osasun egoeraren berri eman. Ezkio-Itsasokoa (Gipuzkoa) Herrera de la manchako kartzelan dago preso (Ciudad Real, Espainia).

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.