lunes, 20 de agosto de 2012


Herrirak Marea Urdina deitu du Aste Nagusiko ostiralerako

Iturria: Bilboko Branka



Errepresaliatu politikoen aldeko kalejira erraldoia izango da 12:30ean plaza Eliptikotik Areatzara. Ondoren, 1.200 lagunentzako “Konpromiso bazkaria” antolatuko dute.

Herrirak agerraldia egin zuen ostiral arratsaldean Bilboko Itsasadarrean behera ibili zen Txinbito ontzian Aste Nagusian egingo dituen ekimenen berri emateko. Euskal presoen eskubideen defentsarako mugimenduarekin batera hainbat konpartsetako kideak, txupinera eta pregoilari ohiak eta kultura eta kirolaren munduko zenbait lagun izan ziren agerraldian.

Josean Fernandez eta Tamara Martin Herrirako kideek adierazi zutenez, “Aste Nagusian euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen defentsan jendarteko esparru guztietan indarrak biltzeko” asmoa izan dute. Horretarako, “Aste Nagusiaren bihotza eta gorputza diren konpartsen babesa eta konpromisoa bilatzeaz gain”, Bizkaiko esparru ezberdinetako lagun eta eragileen konpromisoa ere bildu dute.

Fernandezek esan zuen Espainiako zein Frantziako estatuen kartzela politika aldatzeko giltza “euskal pilotak” dauka, euskal jendarteak, alegia. Pilota horren lehenengo botea, azpimarratu zuen, presoen giza eskubideen errespetua bilatzen du, hau da, “preso guztiak Euskal Herrira ekartzea, gaixorik daudenak eta zigor osoa bete dutenak askatzea eta iheslarien herriratzea ahalbidetzea”.

Norabide horretan kokatu zuen Herrirak Iosu Uribetxeberria, Txus Martin eta larri gaixo dauden beste 12 presoen askatasunaren aldeko eskaerak.

Bigarren botean, berriz, bake egoera sortu eta egonkortzeko urratsa ematea bilatzen du mugimenduak. Horrenbestez, 600 presoak eta iheslariak herriratu behar direla uste du Herrirak “taxuzko bake egoera eratu ahal izateko”.

Ostiraleko agerraldian parte hartu zutenek euskal pilota bere egin dutela azaldu zuen Fernandezek, “konpromisoak forma eta kolore ezberdinak hartuko dituen 10 egunetan beren txosnetan ikurra jarriz, aldarrikapenak modu ezberdinetan egitarauan proiektatuz” eta Herrirak antolatzen dituen ekimenetan parte hartuz, besteak beste.

Gauzak horrela, ostiralean, abuztuaren 24an Marea Urdina, 12:30ean Eliptikatik Areatzara preso eta iheslarien eskubideen aldeko kalejira erraldoia, antolatu du Herrirak. Ekimenean parte hartuko dutenei kamiseta urdina eta jaietako zapia eramateko deia luzatu die Fernandezek.

Kalejiraren ostean, berriz, “Konpromiso bazkaria” egingo du Areatzako kaian. 1.200 lagun elkartzea espero du Herrirak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.