viernes, 17 de agosto de 2012

Osakidetzak Iosuren egoera atzeraezina dela baieztatu du

Argazkian, gaurko elkarretaratzea Bilbon.

Atzo Herrirak iragarri bezala, Iosu Uribetxebarriaren egoera ezin larriagoa da, gaixotasuna fase terminalean sartu da eta atzeraezina da. Gaur eguerdian Osakidetzak eta Gasteizeko Gobernuko Osasun sailak kaleratu duten ohar baten bitartez, Iosuren Uribetxebarria egoera atzeraezina dela baieztatu du. 12 lagunek gose greban jarraitzen dute Donostia Ospitalean eta bertan agerraldi publikoa eta elkarretaratzea izan da. Hego Euskal Herriko beste hiriburuetan ere ekimenak izan dira. Arratsaldea gaubeila antolatu dute Donostiako Artzai Onean.

Herrirak zabaldutako adierazpena:

Egunon guztioi eta mila esker beste behin ere Herrira mugimenduaren deiari erantzuteagatik. 

Gaurkoan beste behin ere, eta behar izanez gero mila aldiz egingo genuke, Iosu Uribetxebarriaren askatasuna eskatzeko bildu gara. Azken egunetan bizitzen ari garen egoera aberrazio hutsa da, giza eskubideen urraketa ikaragarria, Europar Batasunaren baitan inolako parekorik ez daukana. 

Duela bost urte Iosu Uribetxebarriari egindako diagnostikoan giltzurrenetako minbizia azaltzen zen. Geroztik, Espainiako Gobernuak legea bete, egoera konpondu eta Iosu berrosatzeko bitartekoak jartzeko aukera izan du. Ez du egin eta Europa osoan dagoen espetxe politikarik gogor eta ankerrenak ezartzen dituen bizi baldintza negargarrien ondorioz Iosu Uribetxebarriaren osasun egoera okerrera besterik ez du egin. Orain, zoritxarrez, atzeraezina da. Hala baieztatu zion talde medikuak Iosu eta bere familia, minbizia terminala da eta Iosuren bizitzarekin amaituko du. 

Albiste oso txarra da euskal jendartearentzat, oso bortitza. Soluzioen garaia da, egoera honek positiboan aportatu eta arduraz jokatzea eskatzen du. Ez dago aitzariakirik, ez dago trabarik, legez eta eskubidez Iosuk aske behar du. Espainiako Gobernuak, euskal jendartearen gehiengo zabal baten aurrean giza eskubideak errespetatzen dituen exekutibo bat bezala homologatu nahi izanez gero, mendeku zantzuak erabat baztertu behar ditu.

Euskal jendartearen gehiengoak etorkizunera begiratu nahi du, bake eta konponbide inklusibo bat eraiki nahi ditu, pertsona guztien giza eskubide guztiak errespetatua izatea desiratzen du eta indarrean dagoen espetxe politika kriminal eta ez gizatiarraren amaiera aldarrikatzen du behin eta berriz. Inork ez du nahi gatazka politikoaren ondoriozko heriotza gehiagorik nahi. Duintasunez eta arduraz aritzeko momentua da, 2012.rren urtean gaude, pertsona bat hilzorian dago eta beste 13 heriotz arriskua dute espetxe espetxe politika krudel baten ondorioz. Hau tragedia handi bat da, hau ez da inolako espektakulua edo ikuskuzuna, hau euskal jendarte osoarentzako tragedia erraldoia da. 

Horiek horrela, euskal geografiaren puntu ezberdinetan zabaldu den olatuak, nazioarteko komunitatean babes etengabeak jasotzen ari den aldarriak eta nazioarteko hedabideetan gero eta leku gehiago jasotzen ari den egoerak, larunbatean Bilboko kaleak betetzera eraman behar gaitu. Urgentziazko deialdi orokor baten bidez, “giza eskubide guztiak, euskal presoak Euskal Herrira” lelopean, manifestazioa egingo dugu datorren larunbatean. Iosu Uribetxebarria eta larri gaixo dauden gainontzeko 13 euskal preso politikoen askatasunaren alde, mobilizazioa 12:30ean hasiko da Euskalduna Jauregian eta Moyua Plazaraino joango da. 

Iosu eta larri gaixo dauden beste 13 euskal preso politikoen askatasunaren alde, erabat ez gizatiarra eta krudela den espetxe politika honen amaieran alde, pertsona guztien giza eskubideen alde eta konponbide eta bakearen alde dauden hiritarra larunbatean Bilbon burutuko dugun manifestazioan parte hartzera gonbidatzen ditugu. Berriro gerta ez dadin, euskal jendarteak heriotza gehiagorik nahi ez duelako eta bakean bizitzeko eskubidea duelako. #IosuAskatu #14akHerrira 

Eskerrik asko

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.