domingo, 19 de agosto de 2012

Hirugarren gradua Uribetxebarriari, baina askatu, oraindik ez

Espainiako Gobernuaren ebazpena jakinda, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak dauka orain azken hitza Arrasateko presoa baldintzapean aske uzteko. Epaileak debekatu ondoren, Herrira-k bertan behera utzi du gaurko manifestazioa; Gernikako Akordioak elkarretaratzea antolatu du Bilboko Euskadi plazan, 12:00etan.

Iturria: Berria.info 

Josu Uribetxebarria baldintzapean aske uzteari ateak ireki dizkio Espainiako Gobernuak, atzo arratsaldean Espetxeetako Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak Arrasateko presoari hirugarren gradua emateko erabakia hartuta. Oraingoz, ordea, preso jarraitzen du Uribetxeberriak, Donostiako Ospitalean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak baldintzapean aske utzi ala ez erabaki bitartean. 

Preso arrasatearra larri dago, eta gaur hamar egun beteko ditu gose greban. Hura askatzeari buruzko erabakia, baina, behin eta berriz atzeratzen ari dira. Espetxeetako Zuzendaritzak Zaballako espetxeari eskatu dio baldintzapeko askatasunari buruzko txostena astelehenean igortzeko Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzari, eta, hortaz, baliteke ordura arte erabakirik ez hartzea epaileak. Santiago Pedraz zaintzaldian dago Auzitegi Nazionalean igandera arte, eta hark ordezkatzen du Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castro. Espetxeetako Zuzendaritzaren txostena aztertu eta gero hartuko du dagokion epaileak presoari buruzko erabakia. 

 Zaballako espetxeko osasun batzordeak presoaren osasunaren inguruan egindako txostena aintzat hartuta erabaki du Espetxeetako Zuzendaritzak hirugarren gradua ezartzea. Aurrez, Arrasateko presoaren diagnostikoa jakin berritan, Pedraz epaileak hirugarren gradua aplikatzeko aukera aztertzeko eskatu zion Espetxeetako Zuzendaritzari. Espetxe Araudiko 104.4. artikulua ezartzeko eskatu zuen orduan epaileak, betiere baldintza guztiak betetzen baziren. Horren ostean, Zaballako espetxeko osasun batzordeak Donostiako Ospitalean presoari egin dizkioten osasun proben emaitzak aztertu zituen atzo goizean, eta presoaren gaixotasun larri eta sendaezinak haren bizitza arriskuan jartzen duela ondorioztatu zuen, aho batez. Hala, Uribetxebarriari hirugarren gradua ezartzeko idatzizko proposamena egin zuen, eta arratsaldean, Espetxeetako Zuzendaritzak proposamen hori onartu zuen.

Azken horrek "arrazoi humanitarioak" argudiatuta erabaki zuen Uribetxebarriari hirugarren gradua ematea. "Presoak egindako delituak garrantzitsuak izanda ere, duen gaixotasun larriaren, gaixotasunaren bilakaeraren eta jaso beharreko tratamenduaren ondorioz haren arriskua eta delitua berriro egiteko arriskua desagertu egin dira", dio agiriak. 

Halaber, Uribetxebarria aske utziz gero, hainbat baldintza ezarriko dizkio Espetxeetako Zuzendaritzak. Besteak beste, egin dituen delituen biktimengandik eta horien zuzeneko senideengandik urrun egoteko betebeharra, "indarkeria goratzen" duten eta "biktimak umiliatzen" dituzten manifestazioetara joateko edota gisa horretako adierazpen publikoak egiteko debekua, eta bizilekutik ateratzeko debekua ezartzea galdegin du. Espetxeetako Zuzendaritzak baldintza horiek bere txostenean jasotzea galdegin dio Zaballako espetxeari. 

Txosten gehiago 

Edozein eratan, presoari buruzko azken hitza zaintzako epaileak dauka, eta bien bitartean Pedraz epaileak Uribetxebarriari buruzko txosten gehiago eskatzen jarraitzen du. Atzo, probidentzia baten bidez, gaixotasun larria duen presoa auzitegiko mediku batek ikustea agindu zuen, haren egoeraren inguruko txostena osatze aldera. Presoaren gaixotasunaren bilakaeraren eta diagnosiaren berri emateko eskatu ez ezik, duen minbizia espetxeko osasun zerbitzuetan artatu daitekeen edo ez argitzeko ere eskatu zion auzitegiko medikuari. Halaber, beste txosten bat eskatu zion Zaballako espetxeari, presoa jasotzen ari den tratamenduaren inguruko xehetasunena. 

Nolanahi ere, Donostiako Ospitaleak jadanik kaleratu du txosten ofiziala, eta baieztatu du Uribetxebarriaren egoerak ez duela bueltarik eta laster hiltzeko arrisku handia duela. Orain bitarte egindako proben emaitzek Uribetxebarriaren minbizia txarra dela baieztatu dute, eta gaixotasuna sendaezina dela. Atzo, ohar bidez, ospitaleko iturriek adierazi zuten presoa egonkor dagoela. 

Epailearen erabakia noiz iritsiko zain, presoa lehenbailehen askatzeko lanean ari dira haren abokatuak. Lehenbailehen nahi dute aske uztea, eta hargatik, Ainhoa Baglieto abokatuak baldintzapean aske uzteko prozesua "arintzeko" eskatu dio Pedraz epaileari. Abokatuaren esanetan, ez dago zergatik astelehenera arte itxaron azkeneko erabakia ezagutzeko, eta, "Berria"-ri adierazi dionez, ez du ulertzen zer dela-eta atzeratzen ari diren: "Argi dago gauzak askoz arinago egin zitezkeela". 

 Itxura guztien arabera, astelehenean hartuko du erabakia zaintzako epaileak. Luis Castro iritsi bitartean, Ismael Moreno izango da haren ordezkoa astelehen goizean. Baglietok uste du nahi izanez gero astelehen goizean bertan har lezakeela presoari buruzko erabakia, gehiago itxaron gabe. Baldintzapean aske utzi beste aukerarik ez du ikusten abokatuak: "Haien borondatearen esku dago".

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.