domingo, 12 de agosto de 2012

Mikel Egibar preso zizurkildarraren senideek istripu larri bat pairatu dute

Mikel Egibar euskal presoaren bikoteak eta seme-alabek istripu larri bat pairatu dute, bisitatik bueltan zetozela. Mikel Egibar zizurkildarra da eta Zuerako espetxean aurkitzen da egun. Istripua gaur eguerdian gertatu da, Zaragoza inguruan. Kamioi batekin izan dute istripua eta suhiltzaileek atera behar izan dituzte autotik.

Hirurak ospitalean aurkitzen dira. Bikotea eta hamalau urteko semea Zaragozako Klinikan aurkitzen dira; eta hamabi urteko alaba Miguel Servet ospitalean aurkitzen da. Bikoteak eta semeak jasan dituzte istripuaren ondorio larrienak; larri daude, baina, egonkor. Alaba ere egonkor dago.

Sakabanaketa politikak 2012. urtean eragin duen bederatzigarren istripua da honakoa. " Behin eta berriz salatu dugun sakabanaketak eragindakoa, eta ondorio larriak izan dituena gainera. Ezin dugu horrela jarraitu, senideok gure bizitza etengabe arriskuan jartzen dugu, eta kasu honetan argi erakusten du sakabanaketak ez duela inor kanpoan uzten, ezta umeak ere", salatu du Etxerat elkarteak.

Guzti hau salatzeko eta ardurak eskatzeko bihar bertan larritasunezko prentsaurreko bat eskainiko du Etxerat elkarteak, Bilboko Abando Hotelean, 11:00etan.

Sakabanaketarik ez!
Preso eta iheslariak herrira!

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.